“MERKATU TXIKI, BIHOTZ HANDI”

Gabonetan, Laskorain ikastolak, gure inguruko eta kanpoko giza beharrez jabetu, kontzientzia zabaldu eta neurri batean ekonomikoki laguntzeko asmoz, han eta hemen bildutako jantziak, tresnak, altzariak… Merkatu Txikian salgai jartzeko ohitura du. Aurtengoa hemeretzigarren aldia izan da.

Tolosako alde zaharra eta erdigunea banatzen dituen Triangelu plazaren alde batean kokatuta dago Tolosako kultur etxea. Bertan, hainbat gela eta areto daude, non bilerak, erakusketak nahiz hitzaldiak ohikoak izaten diren urtean zehar. Baina, gabonetako bi asteetan, bertako areto handia, Tolosako Laskorain ikastolak antolatzen duen merkatu txikia dela eta, bi korridore estu eta edozein gunetan botata aurkitu daitezkeen ehundaka produktuz betetako komertzio-gune txikia bihurtzen da.

Merkatu Txikia, ikasleekin elkartasunaren balorea lantzeko ekimenetako bat da. Gure gazteak baloretan hezteak inguruan ditugun arazo sozialak gelara hurbiltzea eskatzen digu” dio Jone Urteaga Laskorain ikastolako zuzendariak. “Gazte hauek izango dira ondorengo urteetan gizartearen norabidearen nondik norakoa marraztuko dutenak eta horretarako beraien heziketa prozesuan errealitatearen ikuspegi gizatiarra eta soziala barneratzea garrantzizkoa da”, gaineratzen du.

Lehenengo merkatu txikiak, Tolosako beste gune batean egin ziren, parkearen ondoko lokal txikiago batean hain zuzen ere. “Ikusi daitekeen bezala, ez dago leku handirik, baina lehen genuenarekin alderatuta, ez dugu kexatzeko motiborik” aitortu du Koldo Jauregik, merkatu txikiaren antolatzaileak. Bertara sartu, eta mota guztietako produktuak aurkitu ditugu: jantziak pila batean nahastuta alde bateko baldatan, etxeko tresnak erdian kokaturiko apaletan eta umeentzako jostailu, ipuin nahiz panpinak, sakoneko gunean ezkutatuta. Ezkutatuta, bai. Bertako jende pilarekin ezinezkoa baita haiek ikustea.

Boluntarioak han eta hemen

Lan handia eskatzen du merkatu txikiak, eta ez bakarrik kultur etxean ikusi dugunerako bakarrik. Horretarako, garrantzitsua izaten da urtero boluntarioki ikastolako jendeak egiten duen lana. Irakasle, ikasle eta gurasoen artean 185 kideko boluntario-taldea osatu dute aurten. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako Maria, Olatz eta Alazne lanean aurkitu ditugu. “Lehen aldiz parte hartzen dugu merkatu txikian eta gustura gabiltza. Salneurriak jarri eta gauzak txukun mantentzea da gure lana”, diote ikasleek.

“Nere lana, berriz, Tolosako hainbat merkatal-gune eta dendetan lehenengo gutunak banatu, eta gero, beraien esku zabaltasuna adierazi nahi dutenen saltokietatik produktuak hartu, eta egunero hona ekartzea da”, azaldu digu egunean zehar hara eta hona gelditu gabe dabilen Patxi Plazaola ikastolako guraso batzordeko lehendakariak. Lan nekeza, baina era berean lagungarria betetzen baitute ikastolako ikasle nahiz guraso askok. Ez da erraza merkatu txikian bilatu nahi den edozein produktu aurkitzea, baina urtetik urtera, horrelako zailtasunak ekiditen saiatzen dira.

Irtetzerakoan, amaieran kokatuta dagoen kutxazain moduko batekin egin dugu topo. Bertan, irakasleak kokatzen dira normalean, eta hauek, salerosketen kontuetaz arduratzen dira. Adierazi dutenez, garrantzitsua izaten da aurreko egunetan ikastetxean ikasleekin egiten den lana. Haurrei, beraien balioak, jarrerak, emozioak eta portaerak poliki-poliki hobera aldatzeko asmoz, “norbera izaten ikasi” eta “elkarrekin bizitzen ikasi” konpetentziekin loturiko balioak lantzen dituztela adierazi digute. “Gure haurrek, gauzei, ideiei eta pertsonei errespetua edukitzea eta transmititzea garrantzitsua da, horrelakorik ezean, ezinezkoa litzatekelako horrelako ekimenik antolatzea”, aitortu dute Itziar eta Nekane irakasleek, bertako kutxazainean erosleei jaramon egiten dieten bitartean.

https://e.infogr.am/boluntario-eta-langileak-azken-5-urteetan

Laguntza bat, irrifar bat

Gabonetako hitzordu klasikoetako bat bilakatu da dagoeneko. Lehen aipatu bezala, jostailuak, sukaldeko tresnak, liburuak, apaingarriak… denetarik aurki daiteke kultur etxeko Gabonetako saltokian. “Urtero etortzeko ohitura daukat. Tolosa erdi-erdian dago kokatuta eta ondotik pasatzerakoan, gelditu eta beti zerbait erosten dut nire elkartasuna adierazi nahian”, dio ipuin batzuk erosi berri dituen Joseba Garmendia tolosarrak.

Egunero, ehundaka eta ehundaka pertsonek bisitatzen dute gune hau. Gehiengoak, atzerritarrak izaten dira, baina inguratzen direnen artean, badira Tolosar asko ere. Gaurkoan, Tolosan aurki daitezkeen kultur eta jatorri anitzeko jende askok bisitatu du merkatu txikia. “Guretzako, saltoki ederra da, batez ere diruz larri gabiltzanontzat. Umeek ere, aukera anitza dute arrazoizko prezio batean jolasak nahiz ipuinak erosteko” dio Aishak, bertan aurkitu dugun marokoar emakumeak.

Traste zaharrek hamaika behar asebete ditzaketelako, “Laguntza bat, irrifar bat” leloa aukeratu dute aurte. Tolosarrek aukera dute etxean nahiz lanean erabiltzen ez dituzten tresnak edota produktuak borondate hutsez bertan ezteko, eta behar handiagoa dutenei laguntza emateko aukera izateko. “Merkatu txikian ateratzen dugun diruarekin, Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik misio taldeak babestuta, hainbat proiekturen jarraipena bultzatzen dugu”, adierazi du Koldok.

“NIRE BIZITZA, ORAINGOZ BEHINTZAT, BERTSORIK GABE HANKAMOTZA LITZATEKE”

Amaia Agirre Arrastoa (Villabona, 1977), euskal filologoa, idazlea eta bertsolaria da. Azken urteetan, berri onak jaso izan ditu bere eguneroko bizitzan, ama izan baita. Berarekin hizketan aritu gara, eta bere ibilbide profesionala errepasatzeaz eta bertsoak beregan izan duen eraginaz hitz egiteaz gain, emakumeak bertsolaritzan duen garrantziaz duen iritzia azaldu digu besteak beste.

1-Jakingo duzunez, duela gutxi bete ditu 25 urte, ETB1eko “hitzetik hortzera” telebista programak. Bertako partaide izanik, nolako giroa bizi izan zenuen bertan? Bertsozaletasunak gora egin al du Euskal Herrian?

Uste dut, baietz. Nik, Euskal Filologia karrera amaitu nuenean, Bertsozale Elkarteak aukera ederra eskaini zidan. Erredaktore laguntzaile moduan aritzeko plaza libre zegoen, eta ordurako, bertsolaritzan bestelako lan bat egin nahi nuen. Beraz, esan daiteke nire ametsetako bat bete nuela. Bertan, Josu Goikoetxea zuzendari nuelarik, zortzi urtez aritu nintzen lanean, eta asko ikasi nuen bertsolaritzaren hainbat arlotan.

2-Bertsozaletasunaren haritik, eta zu Harituz bertso-eskolako idazkari izanik, ba al da bertso goserik Tolosaldeako haur eta helduen artean?

Egia da, euskararen esparruan, Tolosak entzute handia duela, baina bertso-eskolei dagokienez, urte askotan “basamortu” egoeran egon da, nahiz eta azken urteetan, berriz ere indartu den. Gure garaian, bertso-eskolan hasi nintzenean, bildutakoen artetik bakarra izaten zen bertakoa. Ia hogei urte pasa dira ordutik, eta Harituz bertso-eskolan kasu bera gertatzen da, nahiz eta herrian beti gabezi bat egon den helduen artean. Baina, Tolosa berriro bertsoaren bilgune bihurtzen ari da.

3-Aipatu duzunez, zeu ere, bertso-eskolan hasi zinen bertsotan. Nolabaiteko zailtasunik izaten zenuen bertsotan egiteko?

Bai, handiak gainera. Gainera, izaeraz hain egoskorra izan ez banintz, uste dut ez nintzela sekula iritsiko heldu naizen lekura. 13-14 urterekin hasi nintzenean, neska bakarra nintzen, baina bestela, kanpoan ere mutilekin gehiago aritzen nintzen neskekin baino, eta beraz, ez zen leku arrotza izan eta testuingurua naturala egin zitzaidan.

Bertso-eskolako lehen egunak:

4-Zure bertsolari ibilbideari erreparatuz, nerabezaroaren hasieran, 13 urte zenituela, egin zenuen lehen saio ofiziala herritarren aurrean. Nolako esperientzia izan zen hura? Nola prestatu zenuen saioa?

Ez daukat oso ondo gogoan, baina lehengoan, nire ikasle izandako batek, saio hartako argazki bat bidali zidan, eta orduan memoria egiten aritu nintzen. Batez ere, urduritasunaz gogoratzen naiz, buruz ikasitako bertsoekin bat-bateko saioa zela irudikatu baikenuen, orduan gure idoloak zirenak imitatuz, nahiz eta saio hark, bat-batekotasunarena baino antzerkiaren antz handiagoa izan.

5-Bertsotan egiteaz gain, lan asko egin izan dituzu orain arte. Noizbait pentsatu al duzu bertsoak alde batera utzita, horrelako lanekin jarraitzea?

Filologiako karrera amaitzean, kazetaritzakoan izena emanda nengoen, baina telebista eta ikasketak uztargarriak ez zirenez, alde batera utzi behar izan nuen. Idaztea asko gustatu zait betidanik, nahiz eta ez diodan denbora handirik eskaintzen. Betiere, bertsoarekin lotutako lanetan aritu izan naiz, nahiz eta askotan pentsatu izan dudan, agian bertsoz beteta bizi izan naizela, eta horregatik, ez nintzela bertsolari hobea izango. Orain, damu txiki hori gaindituta daukat. Baina, uste dut, nire bizitza, oraingoz behintzat, bertsorik gabe hankamotza litzatekeela.

6-Orain arte, maila ona erakutsi izan duzu Gipuzkoako zein Euskal Herriko txapelketa nagusietan. Azken honetako iazko edizioan gainera, finalerdietara heldu zinen, baina ez zintuen unerik gozoenean harrapatu ezta?

Egia da, etxeko egoera nahiko zaila izan dela. Haurdunaldi ozpintsu bat izan genuen, alaba garaiz aurretik jaio zelako, eta dena zaildu zen beraz. Esperantza gutxi eman zizkiguten, baina orain oso ondo dago. Orduan, bolada deseroso hartan harrapatu ninduten txapelketek. Gainera, hogei urte badira jada txapelketetan parte hartzen hasi nintzela, eta horrek azkenean, nekea ekartzen du. Asko sufritu izaten dut oholtzara igo aurreko bi hilabeteetan, eta hortxe egoten naiz prozesuan pentsatzen, egiteak merezi ote duen ala ez.

Eta sufritu, zergatik?

Bada, egin nahia. Ibilbide bat ere izan dut, eta noski, asko daude gu baino urrutirago iritsi direnak, baina gogor entrenatu izan dudan txapelketetan ere emaitza onak lortu izan ditut. Gainera, buruak ere pisu handia izan du, hobe esanda, sufrimendu hori ondo kudeatzeko gai ez zarenean, etortzen diren konfiantza falta edota gaizki egitearen beldurrei aurre egiteko gaitasun falta. Dolu txikiak baitira, baina aurrera atera beharrekoak.

Amaia, Tolosako bertsozale elkartearen atarian

Amaia Agirre, Tolosan dagoen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko egoitzaren atarian.

7-Beraz, bertsolaritzako neurrien antzera, etxean ere baduzu zure “txikia” ezta? Zer moduz moldatzen zara amaren “ofizioan”?

(Barreak) Ondo. Uste baino errazago. Egia da, jaio aurreko eta hasierako momentuak txarrak izan zirela, baina orain oso ume ona dugu etxean, gerrarik ez baitu ematen. Ni behintzat, lanaldia murriztuta nabil, oso garbi nuelako lehenengo bi urteetan etxe giroan eraman nahiko nituela nire minutu horiek. Egia esateko, disfrutatzen ari naiz.

8-Dakizunez, duela gutxi ospatu da emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna. Bertsolaritzan ere egiten al da saio berezirik honen inguruan?

Bai. Hori betiko dilema eta eztabaidagaia izaten da. Egia da, azaroaren 25a eta martxoaren 8a data oso zehatzak direla, baina askotan pentsatzen dugu: “Zergatik ez dira natural etortzen horrelako saioak beste egun arruntetan?” Hala ere, hemendik gutxira, badaukagu bertso musikatuez osatutako “ezta kasualitatea” izeneko saio bat. Beraz, hor badaukagu aukera bat orain duela bost urtera arte ez geneukana. Lehen ez baikenuen elkarrekin bat egiten, eta orain ohikoagoa da.

9-Nola ikusten duzu emakumeen egoera eguneroko bertsolaritzan Maialenen adibidea kontuan hartuta?

Nik uste dut, sektore handi batek gogoa zuela txapela emakume baten buruan jar zedin. Gero, egia da bertso-eskoletan begiratuta, 18 urtera arteko ibilbidean neskak direla nagusi, mailaz mutilen parekoak (eta askotan, hobeak) izaten direlarik. Baina, hutsunea nabaria da jendaurrerako jauzia eman behar denean, desagertu egiten dira; nire ustez, jendaurrean egiten zarelako bertsolari. Eta hor, badira beste faktore batzuk, naturalaz gain, hori eragozten dutenak. Nire iritziz, urteen poderioz orekatzen joango da egoera hori, baina oraindik urruti xamar ikusten dut.

PUNTUZ PUNTU

Bertsotarako doinu bat: Xalbadorren “sorlekua utziz gero”.

Neurri bat: Zortziko txikia.

Plaza bat: Zaldibiako plaza.

Bertsolari bat: Maialen Lujanbio.

Puntuka ala kartzelan? Puntuka.

Anekdotaren bat: Askotan entzundako “zuk dauzkazu zuk potroak”.

Hasi berrientzat aholku bat: Buruari hanka sartzeko lizentzia ematea.

XILABAKO TXAPELA, SEKULA BAINO BURU GEHIAGOTAN

Datorren larunbatean, hilak 15, Iparraldeko bertsolari txapeldun berria izendatuko dute; Baionan hartuko du Amets Arzallusen lekukoa.

Aldaketa ugari ekarri duen Xilaba bertsolari txapelketa, heldu da amaierara. Sei bertsolari izan dira lehiaren gailurrera iristea lortu dutenak, batzuek besteek baino gehiago sufrituz; eta beste batzuek, berriz, bide laburragoa burutu ondoren. Baina, larunbateko finala desberdina izango da. Aurten laugarren aldiz ospatuko den Xilabak txapeldun berria izango du, Amets Arzallusek uko egin baitzion parte hartzeko gonbidapenari.

Arratsaldeko bostetan hasiko den finala, Baionako Lauga gelan izango da, eta, joan nahi izanez gero, sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eu orrialdean. Jaialdi horretan, honako bertsolariak ariko dira lehian: Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Ramuntxo Christy, Odei Barroso eta Xumai Murua. Christy lehen aldiz ariko da horrelako final batean, eta lehen elkarrekin kantatu gabeko bi bertsolari ariko dira aurtengo buruz burukoan. Txapeldun berriari, Txomin Ezponda Jatsuko bertsolariak jarriko dio txapela.

Hilaren 15ean ospatuko den finaleko kartela:

xilaba

Finalisten artean, faboritorik ez.

Larunbateko finalean, azkenekoetan ez bezala, ez da faborito paperik izango duen bertsolaririk plazaratuko. Aurreko urteetan, Amets Arzallusi egokitu bazitzaion egoera horren aurrean aritzea, esan daiteke, aurten badagoela txapela eskuratzeko hautagairik, baina ez faboritorik.

Hautagai nagusien artean, hiru izen nabarmentzen dira: Colina, Barroso eta Zabaleta. Colina urruñarrak, daraman ibilbideaz eta duen esperientziaz gain, finalaurrekoan erakutsitako mailagatik, txapela lor dezakeela erakutsi du. Baina, Barrosok ere badaki zer den finaleko buruz burukoan aritzea. Aurten maila ona eman du, besteak beste, ofiziotan. Bestetik, Zabaletak, bere herrikide Arzallusen lekukoa hartzeko gai dela erakutsi nahi du, Aiziritzeko finalaurrekoa irabazi eta zuzenean sailkatu ondoren.

Halaber, beste hiru bertsolariek ere, aurreko hirurei txapela eskuratzeko borrokan hautagai direla erakutsi nahi diete. Maddalen Arzallusen kasuan, urte batzuez bertso plazak baztertu ondoren, fresko itzuli da, bere dohainak erakutsiz, finaleraino helduta. Xilabako finaleko beste beterano bat, Larresoron final-aurreko ederra egin zuen Xumai Murua Azkaindarra da. Azkenik, egun Maulen bizi den Ramuntxo Christy, lehen aldiz ariko da txapelketako finalean. Bi saio polit egin ondoren, ahierratarrak bere arrastoa utzi nahiko du larunbatean.

Finaleko sei bertsolarien aurreikuspenak jaialdiaren atarian:

Txato saria doinuen erabilera aberatsenari

Txapelketa honetako berrikuntza nabarmenena, Aitor Renteria “Txato” bertsolari, kantuzale eta euskaltzalearen omenez emango duten saria izango da. “Haren ekarpen aberatsak gure artean jarraitzen du, eta ikusgarri egin nahi genuke”, adierazi zuen Miren Artetxek finalaren aurkezpen egunean.

Doinuen erabileraren aberastasuna, hau da, bertsoaren arteko koherentzia onena sarituko dute, horrela, Txatoren omenezko sariarekin, “haren kantuzaletasuna gogoan”. Horretarako, hiru epaimahaikideren laguntza izango dute, horien artean, Mixel Aire “Xalbador” bertsolari Baxenafarrarena. Azkenik, horretaz guztiaz gain, Artetxek ez zuen zalantzarik izan: “Ikus-entzuleen gozamenerako festa handi bat izango da”.

Maddalen Arzallus, anaiaren urratsei jarraituz.

Hendaiarra nagusi izan zen Senperen jokatutako Xilaba txapelketaren bigarren kanporaketan.

Herenegun jokatu zen Xilaba bertsolari txapelketako bigarren kanporaketa Senperen, eta bertan, Maddalen Arzallus izan zen garaile, hurrengo kanporaketarako txartela lortuz. Bertan, Battitt Crouspeyre, Lur Renteria, Maddi Sarasua, Maddalen Arzallus, Xumai Murua eta Miren Artetxe izan ziren oholtza gainera bertsoak kantatzera irten zirenak. Azken hau, lehiatik kanpo aritu zen, taldea osatze aldera. Larreko kulturgunean lehiatu ziren 6 bertsolariak, eta saio polita eskaini zuten berrehun eta berrogeita hamar ikusentzule ingururen aurrean. Bertso-gosez inguratu zen jendea bertara, eta baita bertso-eskoletako gazteak ere, goizean hasitako egun osoko festari, arratsaldeko ekitaldiarekin eman baitzioten amaiera, saioaren hasierari giro ezin hobea emanaz.

Senpereko kanporaketan aritu ziren bertsolariak

Guztira, lau lan desberdin burutu zituzten bertsolari guztiek. Lehenik eta behin, agurraren ondoren noski, zortziko txikian eta zortziko handian aritu ziren, binaka gaia emanda. Gero, puntuka jardun ziren, ariketa hau ere binaka egin zutelarik. Eta azkeneko lana kartzelakoa izan zen, non bakarka gaia emanda, bakoitzak hiru bertso bota behar zituen. Lan guztiak amaituta, Maddalenek 224 puntu lortu zituen, eta haren atzetik, Xumai Murua eta Maddi Sarasua gelditu ziren bigarren posturako lehian, 216 eta 212,5 punturekin hurrenez hurren. Azken bi sailkatuek, Battitt Crouspeyrek eta Lur Renteriak, 183 eta 174,5 puntu lortu zituzten. Oro har, saioa ederra izan zen, baina saio guztien antzera, honek ere izan zituen bere gorabeherak. Nabarmentzekoak izan ziren, Maddalenen zortziko handia eta zortziko txikia, Maddik puntuka egindako lana eta Xumai Muruak kartzelakoan botatako bertsoak.

Une honetan, Sustrai Colina eta Maddalen Arzallus sailkatuta daude, eta datorren larunbatean, Aiherran jokatuko den hirugarren eta azken kanporaketako bertsolari onenari itxaroten ari dira. Bertan, Hodei Barroso da faboritoa, baina guztia ikusteko dago, beste saio bikain baten atarian. Egin apostu!

Galdakaon, Beñat Ugartetxea nagusi

Beñat Ugartetxea mallabiarra izan da garaile Galdakaon ospatu den Bizkaiko “Josi” Txapelketako lehen kanporaketan, eta iada finalaurrekoetaran da. Ugartetxearekin batera, Aitor Bizkarra, Garikoitz Sarriugarte, Ibon Ajuriagojeaskoa, Iñaki Iturrioz eta Julen Erezuma aritu ziren bertsotan. Azkenean, saio polita egin zuten mutilek, ariketa guztietan xehetasun aipagarriak utzi zituztelarik.

Ametsen lekukoa jokoan, Xilaba bertsolari txapelketan.

Urriaren 4tik hasita, eta azaroaren 15era bitarte, Zuberoa, Lapurdi eta Behenafarroako bertsolari onenak biltzen dituen txapelketa ospatuko da. Bertan, iparraldeko 18 bertsolari arituko dira txapeldun berriaren bila, Amets Arzallus, azken hiru edizioetako txapelduna, ez baita aurtengo ekitaldian oholtzan izango. Muskildin hasi, eta finala Baionan izango duen txapelketan, bi bertsolari nabarmentzen dira guztien artean: Sustrai Colina eta Hodei Barroso.

Featured image

Nabarmentzekoa da txapelketak, azken urteetan izan duen gorakada, eta horren adibide garbia da aurtengo formatua. Hiru kanporaketa izango ditu lehenik, Muskildin, Senperen eta Ahierran; gero, bi finalaurreko; bata, Aiziritzen, eta bestea, Larresoron; eta azkenik, finala Baionan jokatuko da betiko moduan. Bertsolarien artean, esperientzia, beterania, gaztetasuna eta ausardia uztartzen dituen Xilaba (Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarra) bertsolari txapelketak, iparraldeko bertsolaritza bultzatzea du helburu, bertako bertso-eskolen bitartez. Azpimarratzekoa da, epaimahaiak honelako txapelketan izaten duen lana eta hartu behar izaten dituen erabaki zail kopurua. Aurtengoan, gainera, aurpegi ezagun bat izango da horien artean, hain zuzen ere, Eneko Bidegain, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduko irakaslea. Aurrerantzean sarriagotan emango dizuet txapelketaren berri. Zorte on denei!